2017-05-15

Su zelaiak irakurle klubean



Dubliners publikatu du James Joycek eta, 23 egun baino ez dira falta Bruselan Julio Cortazar delako bat sortzeko. Armen hartzera deitu gizon hauetan Joyceren berririk ez du nehork, gutiago  Cortazarrenik, bistan dena, oraino sortu gabea baita. Literaturaz bertzelakoak dituzte solasak gizon hauek, eta deus gutik batzen ditu, salbu eta libreta hori bat, soldaduarena, eta paper gorri bat, non agertzen baita norat behar duen aurkeztu bat eta bederak, eta zein orenetako.


Su zelaiak, Mikel Peruarena Ansa
(digitalean eskuragarri eLiburutegian)

Hobsbawnen hitzetan sarraskien aroa inauguratu zuen Gerra Handia ezaguna dugu Irakurle klubean. Oraingoan, Mikel Peruarena (Twitterren @peruarenaansa) dugu Baionako 49. Erreximenduaren berri emanez. Lehen kapitulutik argi geratzen denez, hainbat pertsonaia izango dugu eleberrian zehar, bakoitza bere bizia zeramana Lehen Mundu Gerrako erreketan ernaldu zen zurrunbilo hitsak ito zituenera arte, obusen zartakoen eztanda artean eta gas hilgarriekin kutsaturik.

Belaunaldi oso bat deuseztatu zuen tragediaz eta egileak hondamendia aurkeztu digun moduaz egingo dugu berba irakurle klubean.

Bilera, hilabeteko hirugarren eguaztenero bezala, aste honetako asteazkenean izango da, maiatzak 17 dituenean, liburutegiko lehenengo solairuan kokaturiko hemerotekan, arratsaldeko zazpi t´erdietan. Libreta horirik gabe baina literaturaz solasteko.

Liburuaren inguruko kritikak Armiarma webgunean.

0 comentarios: to “ Su zelaiak irakurle klubean