2016-09-27

Euskara irakurle kluba 2016-2017



Kaixo lagunok, aurten ere euskara irakurle kluba liburutegitik antolatu eta aurrera eramateko asmoa geneukan. Beste urteetako mekanika jarraituz, hilabete bakoitzeko hirugarren asteazkenean bilduko gara (#eguazt3nak) lehenengo solairuko hemerotekan, arratsaldeko zazpi t´erdietan (19:30).

Hilabeterako proposatu den liburua irakurrita ekartzea gomendagarria bada ere, ez da derrigorrezko betekizuna. Ondo pasatzeko eta gauza berriak ezagutzeko proposatzen dira liburuok eta, azken finean, solaserako  aitzakiatzat baino ez ditugu erabiltzen. Beraz, taldea nolakoa den jakin nahi baduzu baina ez bazara etortzen ausartzen liburua ez duzulako irakurri… galdu beldurrak eta zatoz lasai.

Ikasturte honetarako datak eta proposamenak honako hauek dira:




    X hil da, Alaine Agirre
  • Urriak 19 X hil da, Alaine Agirre. (Argitaletxearen esanetan) Hainbat arrazoi izan ditzake maitearen galerak: haren heriotza, ihesa, asperdura, traizioa… bakoitza desberdina baina denak izugarriak bakarrik geratzen den maitalearentzat. Herio eta galbide bakoitzaren atze-aurre guztiak xeheki aztertzen ditu nobela honetako protagonista eta narratzaileak, intentsitate harrigarria lortzen duten pasarteetan, ikara berberak behin eta berriz exorzizatuz, obsesio baten bulkada eutsiezinaz.

    Txistu eta biok Juan Luis Zabala
  • Azaroak 16 Txistu eta biok, Juan Luis Zabala. (argit. esa.) Berria egunkarian kultura arloko kazetaria da Txistu eta biok nobelako pertsonaia nagusia. Albaitariak Txisturi, etxeko txakurrari, gaitz bat diagnostikatu dionean, harekin duen harremanaz idazten hasi da. Lanetik aparteko idazketa libreari gustua hartuta, bere beste hainbat kontu jorratzeari ekiten dio. Kulturarekiko sentitzen duen desatxikimendua du aipagai nagusietako bat.

    Erruletazalea, Mircea Cartarescu
  • Abenduak 21 Erruletazalea, Mircea Cartaresçu, itzultzailea Josemari Sestorain. (argit. esa.) Batetik, narratzailea dugu, laurogei urte izanik biharrik ez duen agure bat; hurrena, Erruletazalea, jendartetik baztertua, inoiz deusetan zorterik izan gabe aldiro bizia jokatzen duena erruleta partidetan. Eta jendea ere badago, mota eta jatorri guztietakoa, morboz beterik Erruletazalearen agerpenen zain.

    Gizajoen katalogoa, Joxean Agirre
  • Urtarrilak 18 Gizajoen katalogoa, Joxean Agirre.(argit. esa.) Nobela bat idatzi nahi du gizonezko protagonistak, bera joaten den literatura-tailerreko irakasle emakumezkoak hartarako dohainak dituela esan diolako; idazlegaia bere gizajo gogokoenen galeria bat biltzen hasten da, koitadu kutunen pasadizoekin ganorazko zerbait egingo duelakoan; horrekin batera, bere emaztearen eta alabaren istorioak kontatzen dizkigu, elkarri beren maitaleei buruzko konfidentziak egiten ibiltzen direnak.

    Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia, Mark Haddon
  • Otsailak 15 Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia, Mark Haddon, itzultzailea Xabier Olarra. (arg. esa.) Christopher 15 urteko gaztetxo bat da. Oroimen, fotografikoa du. Badaki zein diren munduko, herrialde guztien hiriburuak, gai da erlatibitatearen teoria azaltzeko, eta baita 7.507 bitarteko zenbaki lehenak parra-parra botatzeko ere. Beste pertsonak, ordea, ez ditu ulertzen. Bere etxeko soropilean bizilagunaren txakurra hilda aurkitu duenean, erabaki sendoa hartu du: hiltzailearen bila hasiko da eta hilketa-eleberri bat idatziko du. Baina hori ez da izango argituko duen misterio bakarra…

    Harrotasuna eta aurrejuzguak, Jane Austen. Ana I. Morales itzultzaile
  • Martxoak 15 Harrotasuna eta aurrejuzguak, Jane Austen, itzultzailea Ana Isabel Morales.(argit. esa.) Harrotasun klasistak eta portaera sozialari buruzko aurrejuzguek gaizki-ulertu mingarri batera eraman dituzte Elizabeth Bennet eta Darcy jauna. Haiena bezalako gizarte estu eta hipokrita batean, biak elkarrengana hurbiltzea erabateko abentura izango da. Bide luze horretan Ingalaterra georgiarreko hainbat pertsonaia gogoangarri ezagutuko ditugu, baina guztien artetik Elizabeth Bennet argia eta jostaria nabarmenduko da, literatura unibertsalak ondutako izaki xarmagarrienetako bat.

    Ahardikeriak, Marie Darrieusecq
  • Apirilak 19 Ahardikeriak, Marie Darrieussecq, itzultzailea Joxan Elosegi. (argit. esa.) Lurrin-denda batean lan egiten duen neska arrunt baten zerri eme edo ahardi bihurtzea kontatzen da nobela honetan. Itxuraldatze harrigarri hori Europako edozein hiritan kokatuta egon daiteke eta alegia samur eta aldi berean bortxazkoa da giza aberearen gainekoa, umore beltz finez kontatua.

    Su zelaiak, Mikel Peruarena
  • Maiatzak 17  Su zelaiak, Mikel Peruarena. (argit. es.) Frantziako Armadak 1914ko udan gerrara deitu zituen euskal gazteak ere. Hilabete gutxi batzuetako kontua izango zela uste zutenak tronpatuta zeuden, ordura arteko gerra odoltsuena bilakatuko baitzen, 60 milioi pertsonaren mobilizazioarekin eta teknologia militar berrienarekin.

    Begira zenbat argi, maitea, Annie Ernaux
  • Ekainak 21 Begira zenbat argi, maitea, Annie Ernaux, itzultzailea Xabien Aranburu 'Artzai'. (argit. esa.) Urtebetez elikatu du Annie Ernauxek Trois-Fontaineseko zentro komertzialeko Auchan hipermerkatura egindako bisiten egunkaria. “Beste era batera ikusten dira gauzak, idazteko behatzen badira”, idatzi du. Saltoki handien mundua azalduko digu, bada, idazleak. Erosketak egitearen alde “nekagarria” alde batera utzita, beste alderdi bati erreparatu dio Ernauxek: gizakien arteko hitzordu erraldoia omen dira, erabateko ikuskizuna.