2013-12-18

Emakume abeslari burusoila, Eugène Ionesco irakurle klubean




Barrualde burges ingelesa, besaulki ingelesekin. Afalondo ingelesa. Smith jauna, ingelesa, bere besaulkian
eta bere txapin ingelesekin, bere pipa ingelesa erretzen ari da eta ingeles egunkari bat irakurtzen, sutondo ingeles baten ondoan. Betaurreko ingelesak ditu, eta bibote gris txiki bat, ingelesa. Haren ondoan, beste besaulki ingeles batean, Smith andrea, ingelesa, galtzerdi ingelesak adabatzen ari da. Isilune luze ingeles bat. Erloju ingelesak hamazazpi aldiz jotzen du ingelesez.

(Emakume) Abeslari burusoila, Eugène Ionesco.

Tira, ba non kokatzen den argi utzi digun aurkezpen hau, hilabete honetako liburuaren sarrera da. Eugène Ionescok idatzitako Emakume abeslari burusoila antzerki antipiezarena, hain zuzen.

Ionescok, ingelesa ikasten ari zelarik sortu zuen bere lehen antzerki lan hau. Ingeles hizkuntza menderatzeko ikasketa-metodoaren esaldiak errepikatuz sortu ei zuen obra hau (Ordu ingelesa edo antzekoren bat jartzeko asmoa zuen hasieran) epifania antzeko bat izan ei baitzuen esaldiek beraiek zentzua hartzen zutela bere osoan eta etzirela hizkuntzaren egiturari edo komunikatzeko ahalmenari egokitzen. Deigarria gertatzen da zelan, komunikatzeko behar zukeena oztopo bihurtzen den ikustea. Azalpenetan hain zehatzak izanik, pertsonaien hitzak eta elkarrizketak husturik agertzen zaizkigu, inolako zentzurik gabe.

Erabilitako argitalpenari buruz, nahiz eta orain dela gutxi berriro argitaratu den ('Urrezko biblioteka' izeneko ekimenaren barruan non dagoeneko eskuragarri ez dauden Literatura Unibertsaleko lehen ehun aleak berrargitaratu nahi diren) 2001. urteko argitalpena aukeratu dugu liburutegien arteko maileguan eskuragarrien zegoena baitzen. Itzulpen berrituaren ñabardurak galdu baditugu ere (izenburuan bertan ere igerri daitezkenak) Jon Muñozen hitzaurre bikainak berdin-berdin balio izan zaigu.

Horren inguruan eta beste hainbat gauzei buruz jardungo dugu eguazten arratsaldean (abenduak 18, 19:30etan) liburutegiko hemerotekan irakurle klubekoak.

Armiarma webgunean liburuari buruzko kritikak.