2009-12-03

Unai Elorriagarekin Algortan



Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoak antolaturiko bileran, Unai Elorriagak bere azken eleberriari buruzko argibideak eman zizkigun.

Idatzia izan baino lehenago amaiera esaldia ("Erlojua dauka, ama...") zuen nobela honek, lan handia eman dio autoreari. Hiru bat urte izan dira, bitartean buruko gaixotasunetaz arduratzen den Algortako Argia Fundazioan ere bolondres ibili delarik eskizofreniari buruzko bere dokumentazioa sakondu nahian.

Izan ere, liburuaren gakoa eskizofrenian datza. Diktadura garratz batetik irtendako herri baten eskizofrenia kolektiboan eta, batez ere, eleberriaren ardatza den pertsonai baten eskizofrenia indibidualan.

Gizartean betidanik portzentai tinko batean (ehuneko bataren inguruan dabilena) mantendu den gaixotasun honek, eleberrian agertzen diren hainbat sinboloren azalpena emango digu: erlojuei buruzko obsesioa, katuak (katuek eskizofreniaren birusa kutsa dezaketela mantentzen duen psikiatri teoria ei dago, antza)

Liburuko pertsonaien izenei buruzko azalpenak ere eman zizkigun. Nahiz eta orain arte izaniko hainbat erregimen autoritarioen ezaugarriak batu, Unaik ez zuen nahi irakurleak leku jakin bateko diktaduraren batekin lotu zezala nobelakoa. Horregatik, leku geografiko zehatzen susmorik eman ez zezaten, bereziko arreta jarri zion pertsonaien izenak aukeratzeari. Interesgarriena, agian, Phineas izenaren jatorria. Dirudienez, benetan esistitu zen Phineas Gage pertsonatik hartuta dago (Oliver Sacksen Antropologo bat Marten irakurri beharko duzue gizon honi zer gertatu zitzaion jakin nahi baduzue, hemendik ez bait goaz liburu gehiago destripatzera eta)

Azkenik, liburuan agertzen diren erretiluko sagarren zergatia ere azaldu zigun. Kirmen Uriberen poemaren batetik ateratako indar handiko irudia da. Baina oso sinbolikotzat har leitekenez eta autoreak ez zuenez ildo horretatik jarraitu nahi (bere aurreko obra osoarekin erabateko haustura adierazi nahi izan du) ba liburuan bertan desagertarazi egiten du sinbolo hau joko metaliterario bihurtuz.


Londres kartoizkoa da
, Unai Elorriagarena.


Liburuak atzekaldeko azalean dakarren laburpena:

Arratsaldero igotzen da Phineas, bere lagunekin, hamazazpigarren teilatura, handik bakarrik ikusten baitira herriko bi sarrerak batera: errepidea eta tren-geltokia. Itxaroten daude, izan ere, uda honetan iritsi beharko lukeen norbaiten zain.

Erabat amaitu ez den diktaduraren ondorengo garai lanbrotsuan, krudelkeriaren oroitzapena jaso eta gorde nahi dute pertsonaiek, beren zauriak behingoz ixteko, tiraniaren zerbitzariek zirrikitu guztiak itxirik dituzten arren.

Berrikuntza osoa eman dio Elorriagak bere obrari, bai gaiaren, bai idazkeraren aldetik, baina bere erroei eutsiz: itxurazko soiltasun guztiz landua, literatur lana erlojuaren doitasuna duen artefaktua ere izatea, gizon-emakumeen beldur eta sentimendu sakonetara heltzeko gaitasuna.

Lotura interesgarriak:




Ea liburua irakurtzeko gogoa pizten dizuen, merezi du eta

0 comentarios: to “ Unai Elorriagarekin Algortan